| AURKIBIDEA
1. Eskiula
|
Eskiulako eliza, ene aitaren sortetxetik ikusirik (42 ko) (Jeruntzeko Lazea, auzo euskalduna) |
Eskiula oso egoera bereziko herria da:
jendez zuberotarra (521 bizizale 2000.ean), baina administrazioz biarnesa.
Barkoxetik (Zuberoa) Oloruerako (Biarno) bidean da, kanbillu mendixkaren
inguruan kokaturik. Eskiulan bertan entzun daitekeen bezala: eüskaldünez
beterik herri biarnesa...
Kanbillutik (62 ko) |
Sarrera (41 ko) |
Eliza (52 ko) |
Bi artikulu EUSKALDUNON EGUNKARIAN atzeman dut Eskiularen egoeraren inguruan:
2000. urteko pastoralaren liburuttoan
atzeman artikulu honek ongi azaltzen du nola den Eskiula:
|
Errana den bezala, ESKIULA, "Biarnoko barrendegi eüskaldüna", hirugerren milurtekoaren sargian, herri zohardi, bizitore eta goxoa da. Bere 521 arimekin, berriz erakutsi gei dü zoin etxekirik den bere xiberotar erroer : 2000 urteko pastoralaren antolatzeari lotü da ! Kontseilü gaztea batarzünean ari da herriaren prestatzen, amoregatik eta hirugerren milurtekoan herria sar dadin karta honekin. Lehen arrenküra 2000 urte huntan, herriko hur erabilien sanotzeko xedearen betatzea dü. Hebenko jentea, düala hogei bat urte orano, laboraria beitzen haboroxea, langilegoalat igaraiten ari da geroago eta haboro. Eiki etxalteak itzaltzen ari dira bata bestearen ondotik. Ordariz etxeko seme hanitxek, langile beitira Olorue aldean, egoitza eijerrak eraikitzen dütüe etxondoko lürretan. Gaineala alokatzeko egoitzen arraberritzea lagüntü beitüe kontseilü desbardinek, emendatüz joan da jentetzea. Bi ikasgeletako eskola bat badago herrian, hogeita hamar bat haurrekin, eta lehen maileko ikasketak egiten dütüe hor baldintza hoberenetan. Gazte-gazterik eskiulatarrek ikasten düe pelotakan, kantan eta dantzan kültürako alkarteetan, lagüntzale trebeekin, erakasten beiteitze funtsezko jakintza ezbardinak, eta horier esker egiazko eüskaldünak dirate, beren erroer etxekiak. 1998-ko üdalano bere erretore bazüan iruski ESKIULAK. Orai Xiberoko beste parropiekin partekatü behar dü. Bestetako batzorde aisik batek urte oroz antolatzen dü lehiaketa maitagarri bat arrabotü zaharrean, eta süstut ohiko besta elibat, esküalde ttipitik eta departamentütik ere hürrün famatürik beitira. ESKIULAN pintatürik dirade ofiziale trebe eta ezagütü zonbait, karrikünearen antolatzean parte hartzen dü prefosta, bena üngürünetan ere hedatzen dü beren ganoa. Bi ostatü desbardinek (horrez maitagarriago beitira) deitzen dütü horko jaki berezien txestatzera hürrüntik horra diren ahoxuriak. Laborariek beren alkartarzüna erakusten düe GUMA batetan jüntatüz, tresna orokor karioen alkarrekin erosteko. Merkatüetan arrakasta handia düe haien hazkuntzetako ekoizkinek, eta beraz aisa dira saltzen. Erran dezagün gaineala ESKIULAK hanitx harreman honak dütüala herri auzoekin, eüskaldün ala biarnesekin. Eta sekulan eüskal departamentü bat sor baledi, haütü neke bati bürüz lizateke, alde batetik belüke arrazua (bizipidez Oloruerat dü ixurgia), bestetik bihotza (eüskaldün izan eta egoiteko xede zina...). |
Beraz, herri euskalduna izaten jarraitzen du, administrazioaren aldetik Biarnon bada ere. Hala ere, erran behar da euskarak behera egiten duela, Iparraldeko anitz herritan bezala.
Euskara gaitasunaren aldetik, ez ditut datu orokorrak baizik atzeman, Eskiulako herriko etxean bildurik:
Biarnesak ere ohar berezi bat merezi du. Izan ere, Eskiulako inguruetan euskaldun zaharrenak hirueledun izan ohi dira: zuberera, frantsesa eta biarnesa menperatzen dituzte. Biarnesen artean ez zen horrela: ez dute sekula euskara mintzatu.
Aita gurearen osaba batek (Jeruntzekoa,
1912.ean sorturik) hiru mintzaira erabiltzen zuen lanean: zuberera Zuberoan,
Biarnesa Biarnon eta frantsesa kostaldean!
Lehen errekak (le Joos) Eskiula Barkoxetik eta Jeruntzetik bereizten du. Bigarrena (le Littos) Aramitze, Antso eta Ihaxerekilako muga da. Bi erreken haranak eüskaldünak dira, bena herrien arteko mugak errekek eginik direnez, erreken bazter bateko etxaldeak Eskiulan dira, eta beste bazterrekoak, aldiz, alboko herrikoak. Hortik datoz Jeruntze, Ihaxe eta Aramitzeko auzo eüskaldünak, baita Arhantzeko etxalde eüskaldün bakarra ere!
Gero, Oloruerako bidean, “le Vert” errekaren
gaineko zubiak egiten du Eskiulako ekialdeko muga.
Datu orokorrak ere atzeman daitezke ondoko frantsesezko webgunean:
2.
JERUNTZE ETA BESTE AUZO EUSKALDUNAK:
JERUNTZE:
Jeruntze herri biarnesa da, bereizgarri handi batekilakoa. Izan ere, nahiz herria bera biarnesa den, badu auzo euskaldun bat. Auzo horren jendeak Eskiularekilako harreman estuak zituen, elizako eta familiako loturengatik. Iragana erabili dut, zeren orain ia auzoko etxalde guztiak hutsik baitira. Jeruntzeko euskaldun gehienak herri handiagoetara joan dira, lanetik hurbiltasuna dela eta.
Aita gurea gazte zelarik, Jeruntzetiko
bidea harrizkoa zen eta ez zen bere etxalderaino baizik heltzen. Aita gurearen
sortetxea azken etxalde euskaldunetarikoa izanik, beste etxalde euskaldun
gehienak Jeruntzetik aski bazterturik ziren. Etxalde euskaldunik urrunenak
Barkoxe albokoak ziren. Behin aita gurearen osabak ondokoa kontatu zidan:
|
Dirudienez, zenbaitentzat Jeruntzekilako
harremanak zailak ziren! Egun, aipatu bezala, errepide asfaltuak Barkoxe-Eskiula
eta Jeruntze lotzen ditu, Jeruntzeko auzo euskaldunetik iraganez (ikus
beheko mapan).
ESKIULAKO BAZTERRAK:
Orotara hiru auzo euskaldunek inguratzen
dute Eskiula:
|
(eskiulan Je'untze ahoskaturik)
(eskiulan Ihaxe ahoskaturik) (eskiulan A'mitze ahoskaturik) |
Egoera horren isla dugu ipuin bat, Inhazeko auzoan gertatzen dena. Irakur Muneko iliak ipuina:
> EKIALDEKO WEBGUNEA : Euskara, zenbait ipuin, zubereraz.Kasu bereziago bat ere Arhantzen (Ance) dugu: etxe euskaldun bakar bat!
Eskiulako inguruko auzo hauek Eskiularekin batera sortu dira. Arestian erran bezala, herri biarneseko auzo euskaldun horien eta Eskiularen arteko lotura beti eliza izan da. Ontsalaz, guztiek bazuten hilobia Eskiulako hilerrian. Bestalde, hurbiltasuna dela eta, ahaidetasuneko loturak oraino sendoak dira.
Auzo euskaldunen zerrenda luzeagoa omen
da gure Zuberoako ekialdeko muga hortan. Ondoko zerrendako herriek orok
ba omen dauzkate auzo edo etxalde euskaldunak:
Mapa honetan, Sallet de Haut izeneko
etxalde bat agertzen da, Eskiulatik Jeruntzerako bidearen ertzean. Aita
gurea han sortu zen.
Dirudienez, 15. mendera arte Eskiula eta
bere inguruak ez ziren larre bat baizik. Euskaldunek Biarnoko lur horiek
landu omen zituzten, eta herri bat eraiki. Jarraian ematen ditudan argibideak
Eskiulako herriko etxean 2000.eko udan bildurik izan dira:
| 1385.ean: Eskiulako
egungo eremua larre eta oihan zen. Biarnoko Ledeuix herriko jaunaren Ilasse
etxaldearen jabegoa zen. Ilasse etxaldea Le Vert errekaren ondoan kausitzen
omen zen.
14. mendearen amaieran: Ledeuix-eko abadia Atharratzeko Sancho IV. jaun euskaldunaren jabego bilakatu zen. Bere semeak Lukuzeko amaren deitura eta armarriak hartu zituen. 15. mendeko hastapenean: Lukuzeko jaunak Zuberoako familien seme gazteenak Eskiulara etorrarazi zituen landu gabeko larren antolatzera. 1444.etik - 1510.era arte: larreak landu zituztenak lurjabe, urteko zerga baten truke. 1456.ean: Mauleko jaunak Zuberoako mendietan bazkagia eskubidea eman zuen. 1465.ean: komunitate baten sortzea. 1470/11/27.ean: Eskiula lehen aldikotz idatzi ofizialetan aipaturik. 1510.ean: Lukuzeko Johañek Kanbilluko oihanetan eta mendian bazkagia eskubidea eman zien eskiulatarrei. 1545/03/25.ean: auzi baten ondorioz, Jeruntzeko Josbaig oihanean (Jeruntzeko auzo euskaldunean) bazkagia eskubidea gorde zuten eskiulatarrek, baina ez zezaketen hango egurra motz. 16. mendeko amaieran: Lukuzeko jaunak Eskiula galdu zuen Mesples-eko Guicharnaud jaunari dirurik zor baitzion. Azken honetako Anchot semea Eskiulako jaun bilakatu zen. 1645.ean: Eskiulako eliza Barkoxekotik bereizi zen, burujabe bilakatuz. 1796/01/23.ean: Barkoxeko kantonamenduan sartzeko erreferendumean baiezkoak irabazi zuen, Aramitzekoan ez sartzeko. Hala ere, 1816 inguruan Eskiula Sainte Marie-ko kantonamenduan sartu zen. Azken hau "Oloron Ouest" kantonamendua bilakatu zen. |
Eskiulan bertan mintzaldi bat egin izan zen 1957an (apur bat nahasia!), herriaren historiaren ingururuan:
TXINKA aldizkariaren ale bakarrean
Eskiulako mintzaldi honen zati bat argitaratua izan da (Ikus "EKIALDEKO
WEBGUNEA : Euskara").
2000. urteko pastoralaren liburuttoan ere
argibide hauek atzeman ditut, Auzapezaren Hitza izeneko artikuluan:
| ESKIULAK bere 517 bizizaleekin
berezitarzün bat badü: Biarnoko herri eüskaldüna da.
Eiki XV. mentean, Johañe Lüküzeko jaunak lür horiek
eman zütüan Xiberotik eta Baxe-Nabarretik jin jente elibati larre
zauden zatiak labakit zitzen.
Hüllan hiru mila hektara beitütü KANBILLU mendiaren üngürüan eremü hori lantzen dü berrogei bat laborari etxek eta beste herritarrek üngürünetan düe lan. |
(120 ko) |
2000. urteko pastorala Eskiulak
eman zuen, uztailaren hogeita hirugarrenean arratsaldez eta agorrilaren
bosgarrenean gauaz. Eskiulako 517 bizizaleetarik 126 partehartzaile izan
ziren, eta beste 80 laguntzaile.
Bi webgune eginak izan dira pastorala honen gainean: > Allende Sokarosena, zubereraz: perso.libertysurf.fr/otxobegia/ |
Artikulu bat HERRIA aldizkarian Eskiulako pastoralen inguruan argitaratua izan da:
Berriz ere 2000. urteko pastoralaren liburuttoko
argibideak emanen ditut:
|
Mente berriko pastorala Eskiulatarrak jokatüko düe aurten süjetetako Xiberoko Andere famatü bat: Madalena de Jaureguiberry. Jadanik plazaratü züen 1955-an, Matalaz Etxahun Iruriren lehen trajerietarik bat eta beti danik Eskiulako herriak erakutsi deikü Eüskal kültürari eta partikülarzki Xüberoko ohidürer delon atxikimentü handia. Berriz üdako ekiaren arraietan soro ordoki baten erdian piztüko zaizkü pastoralaren izarrak eta amodiozko sail eder hortan ikusiko dütügü herritarrak bar hatsean kantan eta dantzan gure teatro zaharraren makila tanketan. Düdarik gabe hanitxek pentsatüko düe beren burrasoer eta joan zaizkün adiskideer hala nola Hagola kantari eta plaza gizonari. Kantan eta dantzan ari den popülüa bizi da eta bizi nahi da. Erran zahar horri pastoralak ontsa argitzen deikü herrian har eman eta anaitaün ütürri delakoz eta ereiten beitü sentimentü bihi eder hanitx handi eta ttipien bihotzetan. Beraz bizi bedi gure herrietan
denen lagüntzarekin, gure kültüra amiragarria arbasoek guri
utzirik hontarzün prezius baten gisa egün gure esküetan
dena, gük biziarazteko eta ondokoer emaiteko ahal oroz bizirik eta
aberastürik.
|
5.
ZUBEROATIK KANPOKO HERRI EUSKALDUNAK:
|
1998.eko irailaren 27.eko Argia aldizkarian argitaratua izan zen Zuberoatik kanpoko herri euskaldunei buruzko artikulu bat. Hona hemen bi orrialdeak:
|
(409 ko) |
(383 ko) |